XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

- Ongi etorriak nere etxera, jaunak.

Barka eidazute.

Soinketa-saio labur bat egiteko oitura dut goizero, ta ortarako jantzia aurkitu nauzute.

Ez zuan jantzi urri aren gaiñean ezer jartzeko asmorik agertu, eta zegoan bezala igaro zituan aurrera bere ikustaile berriak, eta zegoan bezala gelditu zan, areto txiki txukun batean aiekin izketan.

Emakume atsegiña zan. Ogeitamabosten bat urtekoa?.

Aurpegia, ezpaiñak, eta azkazalak margoztuak zeuzkan ordurako, eta ondo orraztua illedi orail luzea.

Dantzariñe danek bezala iztar eder politak zituan, eta errez oartu ziran bi gizasemeak, iztar aiek erakustea oso atsegin zitzaiola.

Naiz dotorea izan, erreketako arri borobillei bezala nabari zitzaion, bere bizita-ibai laburraren ur-joanean zilipurdi ugari egiña zala.

Alataguztiz, eme pertxenta agiri zan oraindik eta zan baiño gazteagoa ematen zuan.

Bazuan ala ere biotza.

Ori beintzat uste izan zuten gure bi adiskideek, negarrez asi bait zan Watson`ek bera nor zan eta nor bere laguna jakinarezi zionean.

- Miss Pomppy: Oartzen naiz jabetzen zerala dakarkigun eginkizunaren garrantziaz.

Gizon bat illobian dago.

Zuk maite zenuan gizona ain zuzen.

Orregaitik mintza gaitezen guztiok garbi.

Zu, Miss Pomppy, Zakary Thonthon`en maitalea al ziñan? - galde egin zion Sherlock Holmes`ek.

- Garbi mintzatuko naiz, jaunak.

Ez dut gaiñera zertaz gauzak estaltzen ibilli-bearrik, nere biziera nolakoa dan edonork dakian gauza da-ta.

Ni, Zakary gizagaixoaren maitalea izan naiz luzaroan...

Ala`re, nik orrela nai nualako eta Zakary`k berak ere orrela nai zualako, isilik gordetzen genduan maitasun au.

Negarrez asi zan berriro neska.

Ta malkoak legortu, ispillutxo baten aurrean betagilleak konpondu, eta atsartu ondorean, astiro mintzatu zitzaien bere maitaleari-buruz, itzjarioa moztu gabe entzuten zioten bi gizonezkoei.

Ez zuan ezer berri jakingarririk agertu.

Soilki, azkenean, garrantziko gauza ez balitz bezala, ezpaiñetan irri alaia zuala, auxe esan zien bere bi entzule aiei: - Oiek danak, igarotako gauzak dira; nik, betirako, nere oroimenean xamurtasun aundiz gordeko ditudan gauzak; baiña denborak berekin eraman dituan gauzak.

Ni, orain, Sir Jeremy Mac Kharron`ekin konpontzen naiz.

Aspalditik ezagutzen nuan bera, Zakary`ren etxean ikusita, ta ez dizuet ukatuko orain lau-bost illabete ezkero, Zakary`k jakin gabe, ogekide maiz izan dedala, eta bere maitalea geiago izan naizela Zakary`rena baiño.

Miss Pomppy edari batzuen billa irten zanean, itz auek jalki zizkion belarrira bere lagunari Watson sendagilleak: - Esaten nizun nik, Sherlock, auzi onen azpian emakume bat egon zitekeala.

Aurkitu dugu emakume ori.

Emakume onengaitik il zuan Mac Kharron`ek Zakary Thonthon, arerio biurtutako laguna.

Lagun ori, Zakary Thonthon, emakume onen maitalea zalako.

- Mac Kharron`ek maitea kentzen ziolako, Thonthon`ek Mac Kharron il zuala esatea, ez al litzake askoz ere itxura geiagoko gauza?.